Edukira joan

Goierriko Hitza

Altzaga
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

;2008-10-05;POLITIKA. Ilegalizazioak salatzeko Itxialdiak eta mobilizazioak izan dira hainbat herritan

Ilegalizazioak salatzeko Itxialdiak eta mobilizazioak izan dira hainbat herritan

Goierri Seguran eta Legorretan itxialdiak egin dituzte; Ordizian edota Urretxu-Zumarragan berriz, elkarretaratzeak.

Alex Areizaga

«Salbuespen egoerari stop» lemapean, Goierriko hainbat herritan mobilizazioak egin dituzte asteburuan. Protesta ekintza hauekin, Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV eta EHAK ilegalizatzeko hartutako erabakia, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideei ezarritako espetxe zigorrak nahiz azken asteetan eman diren beste zenbait gertaera salatu nahi izan dituzte.

Segura eta Legorretako udaletxeetan itxialdiak egin zituzten ostiral gauetik larunbatera bitartean. Ordizian, Urretxu-Zumarragan eta beste hainbat herritan ere, bilkura eta elkarretaratzeak egin zituzten atzo.

Mobilizazio hauekin ezker abertzleak egoera «oso larria» dela salatu nahi izan du. Euren hitzetan, azken asteetako gertaera hauen aurrean, «Euskal Herriak iraungo badu, Euskal Herria herri gisa garatu nahi badugu, alternatiba bakarra dago: independentzia ahalbidetuko duen estatu burujabea eraikitzea».

Hala ere,aditzera eman dutenez, «horretarako ezinbestekoa da Espainia eta Frantziako konstituzioek ezarritako harresia bota eta marko demokratikorako urratsak ematea». Hau, «Euskal Herria nazio gisa aitortua izan dadin, eta euskal herritarrek proiektu poilitiko guztien artean, baita independentzia ere, erabakitzeko eskubidea izan dezaten» egin behar da, aditzera eman dutenez.

Itxialdiak udaletxeetan

Ezker abertzaleak aste honetan egindako deiari erantzunez, Legorreta eta Segurako herritar talde bana euren udaletxeetan sartu ziren ostiral iluntzean, itxialdia egin eta gaua bertan pasatzeko.

Seguran esaterako, ostiral iluntzeko 19:30ean egin zuten aurreneko elkarretaratzea; 40 bat lagun bildu ziren. Ondoren, herrian zehar poteoa egin eta gauean itxialdia hasi zuten udaletxean. Gau guztia han egin zuten, harik eta atzo goizeko 10:30ean atera ziren arte. Eguerdiko ordubatean, bigarren elkarretaratze bat egin zuten. Legorretan ere elkarretaratzea eta itxialdia egin zituzten hainbat lagunek, gaua bertan igaroaz.

Bilkura eta elkarretaratzea

Urretxun bilkura deitu zuten herenegun arratsaldeko 19:00etan ilegalizazioaren ondorioez eta herriko egoeraz aritzeko. 40 lagun inguru batu ziren bertan eta bi ordu luzez jardun ziren, bertaratuen parte hartze handiarekin.

Atzo aldiz, elkarretaratzea egin zuten Zumarragan, udaletxe aurrean. Bertan 30 lagun inguru bildu ziren deialdiko leloa zeraman pankartaren atzean. Ordizian ere atzo egin zuten elkarretaratzea udaletxe atarian. 30 bat lagun bildu ziren eta informazioa banatu zuten herritarren artean.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.